Maketa

Formol


Irailak, 10

19:30

Niessen Auditorioa

Antzerki esperimentala/performancea/dramaturgia berriak

Euskaraz

Dossierra


Millennial-ok zer daukagu esateko?

«Mikroskopio batekin aztertzen naute,
ni naiz ikertzaileen xedea.
Ni naiz objektua.”

Bat batean, Motxiladunak eta Kaskodunak foku guztia bereganatzen dute, ustez inork ikusten ez dituen momentu horretan.

Taldea osatzen dugunon belaunaldiaren ezaugarriak eta haien artean sortzen diren kontraesanak eszenikoki ikertu nahi izatetik sortu da MAKETA. Belaunaldi bakoitzak bere bereizgarriak ditu eta gureari paradigma aldaketa bortitza tokatu zaiolakoan, gure buruak ezin kokatu, millennial izate horretan noraezean gabiltza. Bizi kalitate, hezkuntza eta baldintza onenak izan ditugunok gure bizitza gobernatu ezean gabiltzalako irudia ematen dugu.

Hala da, edo kanpoko begirada baten epaia da gure hautuak ulertzen ez dituena? Sorkuntza prozesu hau abian jartzeko orduan honako hau izan da planteatu dugun galdera: zer daukagu esateko? Bestetik, euskal kulturarekiko daukagun erantzukizuna praktikara eraman nahi eta gure alea nola jarriko dugun ikertzeko motibaziotik jaio da MAKETA. Praktika mahai gainera ekartzen hasita, gehiegizko estimuluek eraginda noraezean edo paralisian bizi garenok egiten eta ekiten hasi nahi dugu, oinarritik eraikitzen. Horregatik, hartu ditugu estrategikoak diren erabakiak: batetik, parekidetasuna eta sexu, genero, jatorri... aniztasuna errespetatu eta bermatzeko desioarekin abiatzen da MAKETA, irudi garbiketatik at, proiektuaren oinarrian ikuspuntu feminista txertatuz, bai antzezlanean bai prozesuan zehar-lerro bihurtuko dena; bestetik, gazte euskaldun sortzaileen arteko saretzea gauzatu nahi dugu; sinisten dugulako ikuspuntu eta praktika ezberdinen arteko harremanetatik haziko direla berritzaileak eta berezkoak izango diren komunikatzeko era berriak.


Biografiak

Edurne Azkarate

ESADCyL-en interpretazio ikasketak burutu dituenetik antzerkigintza profesionala du ogibide. Orain arte Red Room Lab, TR Warszawa eta Kamikaz Kolektiboarekin egin du lan besteak beste, parte hartu duen azken proiektua Axut!, Artedrama eta Dejabu Panpin Laborategiak sortu duten Zaldi Urdina deituriko koprodukzioa delarik. Horrez gain, Txoministak eta Gutuberrak websailetan eta  ETB1eko hainbat saiotan ere hartu du parte. Aurten Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondoa amaitu du Mondragon Unibertsitatean, Formol Laborategiarekin harremanduriko esperimentazio lan bat aurkeztuz.

Intza Alkain

Donostiako TAEn antzerki formakuntza jasotzeaz gain, bestelako antzerki eskoletan ibilia (KUKUKA, Arthaus Berlin antzerki sorkuntzarako udako eskola) eta hainbat bakarrizketa saiotan, ikus-entzunezko proiektuetan, zein Ene Bada Badu talde sorkuntzatik ateratako ikuskizunarekin ibili izan da. Aurten, Berria FM-ko umorezko saioetako bakarrizketa lanetan ere jardun da. 

Mikel Ibarguren

Zestoako Interpretazio eskolan ikasitakoa, beste hainbat formakuntza jasotzeaz gain. Una historia de vasconia, 3txulo, Maradona suelo bendito, Puntu koma eta IXA telesailetan ibili da lanean. Zineman hiru luzemetrai egin ditu: Korosagasti eta Euskaltzaindia eta El instante decisivo. Kaffka antzezlanarekin ibili da azken hilabetetan. Formol Laborategiko kidea da.