Eneritz Artetxe & Maider Galarza & Idoia Hernandez “Hatxe”

Maringurua: karanbola hirukoitza


Ekainak, 17

19:00

Lekuona

Mahai ingurua

Sarrerak

Karanbola hirukoitza liburuaren oinarrian euskal emakume antzerki sortzaileen egoeraren gaineko ikerketa bat dago. Ikerketa hori Eusko Jaurlaritzaren enkarguz burutu zuen Eneritz Artetxe antzerkilariak 2019. urtean. EHAZE-Antzerkizale elkarteak argitaratutako Karanbola hirukoitza liburuak azterketa horren ondorio nagusiak biltzen ditu bere baitan. Ikerketatik eta liburutik abiatuta, EHAZEtik Maringurua saioa sortu dugu orain, Maider Galarzak, Idoia Hernandez “Hatxe”k eta Eneritz Artetxek berak gidatuta.

Maringuruan euskal emakume antzerki sortzaileen egoeraren gaineko azalpenak emango dira, performance batzuez tartekatuta. Liburuaren edukiak hiru ataletan egituratuko dira eta atal bakoitzaren ondoren ikusle parte hartzaileei luzatuko zaie hitza. Modu honetan ikusleek gaiaren inguruan dituzten ideiak, bizipenak eta hausnarketak denokin partekatzeko aukera izango dute. Maringuruaren helburu nagusia emakume antzerkilarion eta, oro har, sortzaileon bizipenak zein ideiak partekatzea da, gai honen inguruan zuzeneko hausnarketa kolektibo bat osatzearekin batera.

http://ehaze.liburuak.eus/karanbola

Biografiak

Eneritz Artetxe Aranaz (1972, Gernika)

Eneritz Artetxe Aranaz antzerki pedagogo, autore eta antzezlea da. Basauriko antzerki eskolan eta Philippe Gaulier eskoletan diplomatua, Musikako goi mailako ikasketak izateaz gain Haur Hezkuntzan graduatua ere bada. Telebista zein antzerki proiektu ezberdinetarako lan egindakoa. Dxusturi teatro konpainiaren sortzailea da Eneritz eta antzerki talde honekin bi bakarrizketa taularatu ditu: Konpota eta Karramarroa. 2019-2020 urteetan testu ezberdinak ere eman ditu argitara, horien artean: Karanbola hirukoitza, emakumeen presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan entsegu liburua, Isiltasuna antzezlan liburua edo Begirada sakontzen eta zabaltzen Jakin 235. zenbakian argitaratutako artikulua.

Azken lau urte hauetan Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko zuzendaritza taldeko partaide ere bada.

Idoia Hernández Toledo (Oiartzun, 1988)

Pianista eta konpositorea.

2016an 2bat musika eta poesia talde esperimentala sortzen du Oscar Manso poetarekin batera. Gaur egun, Héroes y Monstruos ikuskizunarekin ari dira.

2017an bere bakarkako lana Lehena autoeditatzen du HATXE ezizenez. 11 piano pieza hutsez sortutako bilduma. Zuzenekoetan hainbat kolaborazio ere izan ditu, Inner Galaktik margolariarekin edota Peru Galbete abeslari esperimentalarekin. 2020an bigarren diskoa plazaratu du: Panpin hautsien dantza, Mukuru kolektiboaren eskutik.

Musikari bezala Metrokoadroka konpainiaren Zanbuia! (2018), Aldarri (2019) eta Modelo baten bizitza sekretua (2020) ikuskizunetan parte hartu du.

Haurren gidari ere badabil aldizka, soinu esperimentazioa eta musika abstraktuaren barrena bidaiatuz.

Musikaz gain, Mikelazulo kultur elkarteko kide aktiboa da. LUPA Dokumental Mostra eta Herrien Astea proiektuen lantaldearen parte delarik.

Maider Galarza (Irun, 1982)

Nafarroako Antzerki Eskola eta Estudis de Teatre Berty Tobías eskoletan burutu zituen ikasketak.

Oihulari Klown, Panta Rhei eta En la Lona antzerki konpainietan antzezle eta txotxongilolari bezala egin du lan.

2017. urtean Nafarroako euskarazko haur antzerki testu lehiaketa Baloon antzezlanarekin irabazi zuen.

Gaur egun, ipuin kontalari, antzerki begirale eta antzezle bezala egiten du lan eta Berlingo Art Haus Eskolan “Integral Performing Practise” graduondoa burutzen ari da.