DEJABU KONPAINIA RODRIGUEZ & NDUNGMANDUNekin elkarlanean

Naon Tokin


Ekainak 18, 19, 20

11:00-13:15 — 17:00-19:45

Madalena Kalea 27 (liburutegi zaharra)

Emanaldia

Sarrerak

Dejabu konpainiaren azken proposamena narratiba eszeniko berrien bilaketan sakontzeko nahi batetik abiatzen da, ikusleak arte eszenikoak modu berri batean bizitzeko artefaktu bat sortzeko gogotik. Eszena formatuaren poetika eta abstrakzio gaitasunean sakontzeko desiotik.

Ezohiko antzerki proposamen honek, site specifik moduan, ikuslea dramaturgiaren erdigunean kokatzen du, esperientzia murgiltzaile batean.

Atrakzio sentikorra da NAON TOKIN. Interbenitutako eraikin publiko batean zehar ikusleak egingo duen bidaia bat. Atrakzio parke tradizionalen bertsio gaurkotua. Talde txikitan egingo du bidaia ikusleak oinez, ordu betez eraikinean zehar.

Jolas baten moduan, komunitateaz eta norbanakoaz hausnartzera gonbidatzen du lanak. Zentzumenei eta sentsazioei arreta berezia jarriz. Gorputzak paisaia emozional ezberdinetan kokatzera gonbidatuz.


Biografiak

Dejabu

Dejabu antzerki fisikoa eta txotxongiloak uztartzen dituen euskal konpainia saritua da. Errenterian sortu zen 2001ean eta bertan gauzatzen du bere jarduna gaur egun.

Ikusleen eta profesionalen artean harrera beroa izan dute euren antzezlanek azken urteetan: Arrastoak (Donostia Saria), Gure bide galduak (Donostia Saria) edo Gizona ez da txoria lanek, eta baita Artedrama eta Axut!ekin eginiko elkarlanek ere: Zaldi urdina, Francoren bilobari gutuna, Errautsak (Donostia Saria).

Poetikoa, garaikidea eta hauskorra da euren antzerkia, bilaketa etengabe baten emaitza.

Konpainia 2001ean sortu zen, konpainiako kideak LISPA eta London International Puppet School-en graduatu zirenean (UK). Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo eta Miren Alcalá dira konpainiaren zuzendari artistikoak. Egitasmo bakoitzean sortzaile talde zabala izaten dute ondoan.

Proiektu bakoitzean bilatzeko eta galtzeko denbora hartzen dute (jarrera erradikala gaur egun). Ametsetan agertutako irudien enigma argitu nahian gehienetan. Objektuei esker gorputzak eta munduak ekartzen dituzte espaziora eta kaosean murgiltzen dira sorkuntzan. Irudiak eta mugimenduak dira etortzen lehenak, ondoren datoz istorioak eta pertsonaiak.

2013an Antzerki Labea eskola sortu zuten antzerki garaikidea herritarren eskura jartzeko helburuarekin.

Gaur egun Niessen kulturgunean konpainia erresidente dira eta Lekuona Sormen Fabrikaren gidaritza taldeko kide.

http://dejabu.eus/

Rodriguez&Ndungmandum

Arrate Rodriguezek eta Carlos Ndungmandumek sortutako kolaborazio esparrua da, diseinutik artera doazen proiektuak gauzatzeko.

Arrate Rodriguez Martin (Errenteria, Gipuzkoa 1984)

Formakuntzaz artista eta irudigilea, 2015etik 2020ra bitarte iraun zuen Savanna estudioa eratu zuen Carlos Ndungmandumekin batera, non bereziki diseinu grafikoa eta irudigintza uztartzen zituzten. 2020Ean bertan Rodriguez & Ndungmandum binomioa eratu zuten, hainbat proiektu artistikori irteera emateko.

Ilustrazioa, marrazkigintza eta collage-aren arteko muga lausotzen saiatzen da. Fikzioa eta autobiografia uztartzen ditu, burura datozkion irudiak, modelo errealetatik hartutakoekin nahastuz. Bere lana, literaturarekin estuki loturik doa, liburuak objektu fisiko bezala landuta, edota barruan dakartena irudietara pasatuz.

Carlos Ndungmandum (Vigo, Galiza 1981)

Ourenseko Antón Faílde arte eskolan eta Bartzelonako Elisava diseinu eta ingeniaritza unibertsitate eskolan diseinatzaile tituluduna. Bere ibilbide profesionalaren hasieran, batez ere komunikazio estudio eta enpresatan aritu zen lanean. Jarduera hau areagotzen joan da eta gaur egun, arte zuzendaritza, diseinua eta irakaskuntza bere praktika artistikoarekin bateratzen ditu Ndungmandum soilik edota Rodriguez & Ndungmandum modura.